ONGI ETORRIAK

2011/10/19

Elikagaiek giza gorputzean egiten duten bidaia

Elikagaiek giza gorputzean egiten duten bidaia
Gure hesteetan, elikagaiak deskonposatzen dira, eta horrela mantenugaiak lortzen ditugu: proteinak, koipeak, azukreak eta beste elementu batzuk (esaterako, ura, zuntza, bitaminak edota mineralak). Gero, odolarekin, gorputz osora banatzen dira, eta euren zereginak egiten dituzte. Proteinak adreiluak dira, eta zelulak edo ehunak eratzen dituzte. Koipeak zementua dira, eta proteinei laguntzen diete, funtzioak kontrolatzen dituzten hormonak eratzen, edo «gabardina» batekin garuneko zelulak babesten. Azukreak etxeetako ateak eta leihoak dira, energia ematen digute mugitzeko, pentsatzeko, gorputzaren tenperaturari eusteko...


Ia elikagai guztiek dituzte proteinak, koipeak eta azukreak, baina kopuru ezberdinetan. Adibidez, urazak baditu azukre batzuk, proteina gutxi, eta ia batere koiperik ez. Haragiak, berriz, proteina asko, koiperen bat eta ia azukrerik ez. Gozokiek, azukre asko, proteinarik ez eta koipetik zerbait.
Elikadurak eta elikagaiekin gorputzean sartzen diren mantenugaiek zer nolako garrantzia duten hobexeago ezagutzeko, bidaia egingo dugu gorputzean barrena, sagar batekin. Ahora sartzean, listuan bainatzen gara. Listuan langile txikiak daude, hots, entzimak. Entzimek janari puska hori andeatzen dute, hortzen laguntzarekin, eta puska txikiagoak egiten dituzte. Gero, esofagotik igarotzen gara, 30 zentimetro luze den txirristaren moduko tunel horretatik, eta leize zulo handiraino iristen gara: urdailera. Hor, entzima gehiago ikusiko dugu; eta, gainera, leize zuloko hormak hurbildu eta urrundu egiten dira. Hormek oratu egingo dute sagar puska, eta ahi bihurtuko da. Ahiarekin batera, beste tunel luze luze batetik igaroko gara. Ia zortzi metro luze da, eta heste meharra deitzen zaio. Hor, ur eta entzima gehiagorekin bustiko gaituzte. Halaxe, ahia aldatu eta likido zurixka, ia gardena, bihurtuko da: kilo izeneko likidoa. Gurekin batera, makilatxoen antzeko beste elementu batzuk ere bidaiatzen dute. Zuntza da. Orain, prest gaude tunel horretako horma zeharkatzeko eta odolera iristeko, proteinekin, koipearekin eta azukreekin batera. Makilatxoek, hau da, zuntzak, tunelaren bukaerara arte jarraituko du, heste lodira iritsi arte. Heste lodia tunel zabal zabala da, eta 1,5 metro luze da. Makilatxo horiei esker, heste lodiak hobeto lan egiten du. Eta, gorozkiekin, jan dugun sagarretik gorputzak erabili ezin duen guztia kanporatzen du.
Odolera iristen garenean, gorputzeko zelula guztiak elikatzen dituzten errepideetako 80 kilometroetan zehar ibiliko gara. Odolean azukreekin batera goazenez, intsulina aurkitzen dugu, hau da, organismoko zelula guztien giltzak dituen gauzaina. Hark irekiko digu zelula horietako bateko atea, sar gaitezen. Behin hor gaudenean, zelulak azukreak hartzen ditu. Arnasarekin hartzen dugun oxigenoarekin erreko ditu azukreok; eta, horrela, energia ekoitziko du, pentsatzeko, ibiltzeko, eta beste zeregin askotarako. Intsulina gutxi duten haurrek ezin dituzte zeluletako ateak ireki, eta azukreak odolean pilatzen zaizkie. Hori ez da ona. Horregatik, egunero injekzioa jarri behar dute, gorputzari intsulina emateko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario