ONGI ETORRIAK

2011/10/01

Zergatik jaten dugu?

Bizitzak eta giza gorputza ongi mantentzeak hiru euskarri dituzte: lo indarberritzailea, jarduera fisikoa (aisialdian edo lanean ari garela) eta elikadura orekatua. Elikadurak, batez ere haurren kasuan, gorputzari hazten eta garatzen laguntzen dio, eguneroko erabileraren ondorioz ahultzen diren organoak bizkortzea ahalbidetzen du, eta gaixotasunak prebenitzen laguntzen du.
Elikadura giza gorputzaren oinarrizko funtzio bat da, ia arnasten dugun airea bezain garrantzitsua. Aire gutxi badugu, gorputza hondatu egiten da. Airea kalitate txarrekoa bada, gorputza gaixotu egiten da lehentxeago edo geroxeago. Elikadurarekin gauza bera gertatzen da. Kantitatea edo kalitatea nahikoa ez denean, gaixotasunak harrapatzen ditugu; gehiegizko pisua, arterietako hipertentsioa, odoleko kolesterol gehiegizkoa, artrosia, diabetesa, miokardio infartua, eta abar.
Haurrek haurtzaroan eta nerabezaroan zehar taxutzen dituzte euren ohiturak; horregatik, garai hori garrantzi handikoa da elikadura hezkuntzan, eta gu gara haien eredua. Gure ardura da osasuntsuak ez diren ohiturak alde batera uzten eta jarrera osasuntsuago bat hartzen laguntzea. Zoritxarrez, gaur egun haurrek akatsak egiten dituzte jaterako orduan, eta gero ondorioak datoz: behar baino gehiago jaten dugu, jakiak koipetsuegiak, dira eta frijitutako jaki gehiegi jaten dugu. Akats horiek direla eta, haurren % 15k baino gehiagok gehiegizko pisua du, eta horietatik % 50ak koipe orban txikiak dituzte arterietan (kolesterol gehiegi dutelako). Orban horiek arazo larriak sortzen dituzte heldutasunean.
Elikagai guztiek dituzte ura, proteinak, karbohidratoak, gantza edo lipidoak, bitaminak eta mineralak. Gure gorputza ETXE batekin konpara dezakegu, eta substantzia horiek guztiek dute euren funtzioa: PROTEINAK adreiluak dira; KOIPEAK, zementua; KARBOHIDRATOAK edo AZUKREAK energia iturri dira, sartzeko eta ateratzeko bidea ematen diguten etxeko ateak edo leihoak bezalakoak; eta BITAMINAK eta MINERALAK, etxeko entxufeak eta txorrotak bezalakoak dira, horiek gabe ezin bizi.
Adibidez A bitamina ona da ikusmenerako, ispilu bat bezala; B bitaminak gorputzeko hainbat funtziotan parte hartzen du, bonbilla bat bezala, hori gabe ezin baitugu ikusi; C bitaminak gure defentsei laguntzen die, etxea garbitzen duen erratza bezala; D bitaminak hezurrei laguntzen die, eraikuntza bateko zutabe edo pilareak balira bezala. Kaltzioa gorputzaren hainbat ataletan lan egiten duen minerala da; gela bateko etengailua bezalakoa da: oso gauza txikia, baina hori gabe ezin dugu ezer egin. Burdina odoleko oxigenoa garraiatzen duen minerala da; leiho bateko heldulekua bezala, irekitzean aireari sartzen uzten dio. Eta horrela jarrai genezake egunero jaten ditugun elikagaietan dauden elementuekin. Haur baten gorputzaren % 65-70 ura da, eta gainerakoa proteinek, koipeak, azukreek, eta abarrek osatzen dute. Gai horiek egunero berritu behar ditugu elikadura orekatu baten bidez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario