2011/10/13
Elikatze jokabidearen nahasteak
Elikatze jokabidearen nahasteak jatorri psikologikoa duten gaixotasunak dira eta bilakaera kronikoa dute (iraupen luzea). Gaixo gazteek arazoak dituzte janariarekin (bai gehiegi jateagatik, baita gutxiegi jateagatik ere) eta ez daude pozik euren gorputzekin.
Arazo hori herrialde garatuetan, batez ere, antzematen da. Bereziki nerabeei eragiten die eta horietako % 4k dute eritasun hori. Gainera, gazteen % 15 eta % 20 bitartean gaixotzeko arriskuan daude. Araban, urtero, 100 eta 150 bitartekoa izan ohi da elikatze jokabidearen nahasteen kasu berri diagnostikatuen kopurua. Era berean, ia 50 pertsona eraman behar dituzte ospitalera larrialdi egoeran.
Elikatze jokabidearen nahasteen artean nabarmentzekoak dira, hurrenkera honetan: bulimia eta anorexia. Bulimiari dagokionez, gaixoek ezin dute jateko gogoa kontrolatu, etengabe jatera behartuta sentitzen dira, ondoren egin dutenaz damutzen dira eta janaria kanporatzen saiatzen dira oka eginez, laxanteak erabiliz eta abar. Anorexiari dagokionez, berriz, ahal bezain gutxi jaten dute eta jaten duten gutxi hori kanporatzen saiatzen dira oka eginez, laxanteak erabiliz, ariketa fisiko gogorra eginez, eta abar. Nerbio anorexia eta bulimia bereizten dituzten oinarrizko ezaugarriak daude.
• Nerbio anorexia:
Gaixoak beti du gutxiago pisatzeko gogo bizia. Gainera, beldur obsesiboa dio loditzeari eta horrek duen pisua baino gehiago duela pentsatzera bultzatzen du. Pisua galtzeko oso gutxi jaten dute, kirol asko egiten dute eta purgak egin ohi dituzte (oka egitea, laxanteak, diuretikoak...).
• Bulimia:
Gaixoek elikatze jokabidearen kontrola galtzen dute eta oso denbora laburrean asko jaten hasten dira. Kontsumo handi hori leuntzeko eta ez loditzeko purga metodoak erabiltzen dituzte, esate baterako: oka eragitea, laxante gehiegi hartzea, diuretikoak erabiltzea eta ariketa fisiko gogorra egitea.
Badaude elikatze jokabidearen beste nahaste batzuk baina ez dira arestian aipatutakoak bezain ohikoak, adibidez: bigorexia (desira neurrigabea dute giharrak garatzeko, horregatik ordu asko ematen dituzte gimnasioan eta dieta hiperproteikoak eta gehigarri dietetikoak hartzen dituzte) edo ortorexia (grina obsesiboa dute soilik elikagai naturalak jateko, inoiz ez animali jatorria dutenak eta betiere ekologikoak direnak, horregatik ez dute inoiz ohiko jatetxeetan jaten edo animali jatorriko elikagairik hartzen, eta abar).
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario