ONGI ETORRIAK

2011/10/19

Elikadura osasuntsuaren lau etsai

Elikadura osasuntsuaren lau etsai
Gosaria asko zaindu behar dugun bezalaxe, kontu handia izan behar dugu maiz hartzen diren beste elikagai batzuekin: gehiegi kontsumituz gero, arazoak ekar ditzakete. Lau elikagai mota dira: litxarreriak, kola edariak, txokolate nahiz opilak, eta janari lasterrak. Zergatik dira gutxitan hartu beharrekoak?

Litxarreriak: adreilu gutxi (proteinak) eta zementu asko (koipe «txarra») ematen diote gure gorputzari. Gainera, ez badugu ariketa asko egiten, gehiegizko energia koipe gisa pilatzen da. Horrela, kilo gehiago pisatuko dugu, eta horiek ez dira lagungarriak.

Kola edariak: egunean bi edalontzitik gora edaten dugunean, kolen osagaiek zaildu egiten dute hezurrek kaltzioa erabiltzea. Hezurrak ahuldu egin daitezke.

Txokolateak eta opilak: azukre asko dutenez, hortzetan kariesa izateko aukera gehiago dago. Gorputzak lan itzela egin behar du azukre horrekin lan egiteko. Intsulina, azukreari zeluletan sartzeko ateak irekitzen dizkion gauzaina, ahitu egin daiteke hainbeste lan eginda, eta diabetes izeneko gaixotasuna sor daiteke.
Janari lasterrak: aurrez prestatutako jakiek, birrineztatuek, arrautzaztatuek, pizzek, hanburgesek, saltxitxa ogitartekoek, eta abarrek koipe eta kaloria asko izaten dute. Gorputza ez da horiek desagerrarazteko gai izaten. Hartara, neurriz gaineko pisua eta loditasuna agertzen dira. Halaber, odol bideen 80 kilometroetan zehar koipe gehiegi pilatzen da, eta, gutxika, ito egiten dira bideak.


Elikadura miraria da, ez da hala?... Hainbat elikagaitatik gure gorputzak hartutako gaiei esker, organismoa konpondu egiten da, hazi egiten gara, pentsatu edota korrika egin dezakegu, eta abar. Baina ez ahaztu: haurrek zenbat eta elikadura hobea izan, orduan eta gorputz hobea eraikiko dute bizi osorako, eta jauregiaren pareko gorputza izango dute, itoginez jositako txabolaren ordez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario