Seme alaben elikadura funtsezkoa da haien bizitzako lehenengo bi hamarkadetan. Urte horietan, haien gorputza hazten eta garatzen ari da etengabe, egunez egun aldatuz doaz. Ondo hazi eta garatzea ziurtatzeko, bi aliatu ezinbesteko ditugu: elikadura eta ariketa fisikoa. Lehendabizikoarekin, ondo egiten denean, organismoari ematen dizkiogu behar dituen mantenugai guztiak, organismoa baldintzarik onenean «eraikitzen» dutenak, gorputz hori eraginkorragoa eta gaixotasunen aurrean gogorragoa izatea dakartenak. Ondo elikatuta, biziaren gustuko jauregitzat eraikiko dute gorputza, eta ez sarritan gaixotasunaren ostatu izango den txabolatzat.
Era berean, garrantzizkoa da ariketa fisikoa, jolasa, mugituz dibertitzea. Hartara, elikadurak ematen dituen mantenugaiak organismo osoan banatzen dira, eta organo bakoitza elikatzen dute. Hazkundea bizkorragoa eta harmoniatsuagoa da, eraginkorragoa. Mugimenduari esker, giharrak hazten dira, hezurrak luzatzen, giltzadurak indartzen, garunera odol gehiago iristen; eta, gainera, organismora iristen den energia guztia erretzen da, gehiegizko pisua edo obesitatea saihesten delarik. Gero eta ume gehiago ditugu diabetesak jota, odolean gantz gehiegi dutela, gehiegizko pisuarekin, obesitatearekin. Eta heldu gazte askok jadanik badu osteoporosia edo izan du bihotzekoren bat, haurtzaroan elikadura izan zutelako eta ariketa fisikorik egin ez dutelako. Ondorioz, gure esku dago arazo horietako asko saihestea...
Piramideak: elikagaiak eta jokoa
Elikadura orekatua eta arrazoizko ariketa fisikoa zeri deritzogun hobexeago ezagutze aldera, hemen ditugu elikaduraren piramidea eta jolasaren piramidea (edo astialdiaren piramidea). Hor adierazi ditugu, eskema modura, jatean edo astialdiko jarduerak erabakitzean kontuan hartu beharreko funtsezko alderdiak.
Egunero kontsumitu beharreko elikagaiekin, piramidea egin dezakegu. Piramidean, osagai garrantzitsuenak beheko mailetan izango dira; eta kopuru txikienean hartu beharrekoak, goiko mailetan. Oro har, eguneko elikagaien % 70ek "lurrekoak" izan behar dute; gainerakoak, animalietatik datozenak izango dira (arraina, haragia, esnea eta esnekiak, arrautza, eta abar).
Piramidearen oinarrian 8 baso ur azaltzen dira. Horrek esan nahi du egunean ia bi litro ur hartu behar ditugula: ura bakarrik, edo zukuetan, edo zopan. Halaber, egunero hartu behar dituzte esnea edo esnekiak (3 baso esneren baliokidea), fruituak, zerealak, ogia, pasta eta «lurreko» elikagaiak, hala nola berdurak edo barazkiak (baratzekoak). Horien bidez, gorputzak ugari jasotzen ditu bitaminak, mineralak, zuntza (organismoa barrutik garbitzen duena) eta energia.
Piramidearen goialdean haragia, arraina eta arrautzak daude, egunero horietatik apur bat hartu behar baitugu. Eta, erpinean, gozokiak edota gurina daude, produktu horien oso kantitate txikia behar baitugu egunero. Pixka bat baino ez!!
Elikagaiek euren funtzioak betetzen laguntzeko, garrantzitsua da egunero ariketa fisikoa egitea. Oro har, komeni da adiskideekin aire zabalean gehiago jolastea, eta denbora gutxi izatea telebista ikusten, bideojokoekin, kontsolekin… Hartara, haien giharrak eta hezurrak gehiago haziko dira, eta hobeto ikasi ahal izango dute. Jokoaren edo ariketa fisikoaren piramidean, aste baten edukia ikusiko dugu.
Egunero mugitu behar da kalean edo parkean jostatzen, amari etxean laguntzen, logelako jostailuak jasotzen, edo txakurra paseatzen. Horrez gain, ona litzateke ikastetxean edo kirol talde batean aritzea, astean 3 edo 4 aldiz. Garrantzizkoa da inoiz ere ez egitea bi ordu baino gehiago telebistaren, ordenagailuaren edo bideo jokoen aurrean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario